
Dietaren banaketa
Egunean zehar janariaren banaketa, pertsona bakoitzaren beharren eta lan-ordutegiaren araberakoa da.
Dietak gutxienez hiru otordu nagusi izan behar ditu: gosaria, bazkaria eta afaria. Kasu batzuetan, gosaritik bazkarira edo afarira lau ordu baino gehiago pasatzen badira, hamaiketakoa edo askaria ere sartzea komeni da. Horri esker, ez da hipogluzemiarik gertatzen (odoleko glukosa-maila jaistea), eta horrek eragin negatiboa du errendimenduan eta lan-gaitasunean. Era berean, bazkalorduan edo afalorduan antsietate- edo gosete-sentsazioa saihesten da, eta, normalean, behar baino gehiago jatera eramaten du.
Dieta zenbait hartualditan banatzeak eragin positiboa du odoleko glukosa- eta lipido-mailan (kolesterola, triglizeridoak…), eta digestioak hobetzen ditu.
- Gosari osoa: elikagairik hartu gabe 8 ordu baino gehiago igaro direnez, esneki bat, zerealak eta osagarriak, eta zukua edo fruta jatea komeni da.
- Hamaiketako egokia: ohikoak dira gantz gehiegi duten hamaiketakoak (hestebeteak, frijituak...) alkoholarekin batera, eta horrek desorekatu egiten du elikadura. Esfortzu fisikoa gutxienekoa bada, nahikoa izan daiteke fruta freskoaren edo esnekiaren pieza bat edo bi. Oro har, fruta atal bat jan daiteke jogurt gaingabetu batekin, kafesne batekin eta ogi txigortu batekin edo zereal barra batekin eta fruta jogurt batekin.
- Ordutegira egokitutako janaria: Lanaldia zatikatua bada, elikadura askotarikoa eta ordenatua egin behar da (energia, gantzak eta alkohola neurrian hartuta), organismoak erraz jasan dezan digestioa, eta saihestu egin behar dira digestio-astuntasuna eta logura.
- Askari arina: jogurt, fruta edo ogitarteko txiki bat.
- Ongi planifikatutako afaria: afaria izaten da eguneko azken otordua; beraz, saiatu behar da piramideko elikagaiak jaten, jan ez direnak. Erraz digeritzen diren elikagaiak ere jan behar dira, hala nola barazki egosiak, arrainak, zopak edo esnekiak. Oheratu baino gutxienez bi ordu lehenago afaltzea gomendatzen da; horrela, digestio zailak asaldatu gabeko lo indarberritzailea izatea lortuko da.