
Sarrera
Gaztaroa nerabezaroaren eta helduaroaren arteko trantsizio-aldia da. Ikasle izateak edo lan egiteak, independente izateak edo etxean geratzeak bizimodu berezia osatzen dute, eta horrek eragin zuzena du elikadura-ohituretan. MAPAk (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa) egin duen inkesta baten arabera, gure gazte askok honako irizpide hauetan oinarritutako elikagai-kontsumoaren profila dute: erraztasuna, azkartasuna eta erosotasuna elikagaiak prestatzean, aurrekontu oso mugatua elikadurara bideratua eta kontsumitzeko modu ez-konbentzionala, hau da, jateko ekintza beste jarduera-mota batzuekin uztartzen dute (telebista, irratia, irakurketa, etab.) Otorduei dagokienez, oso ordutegi lasaia dute, edozein ordutan jan dezakete, eta dieta lan edo ikasketa eta aisialdiaren beharretara egokitzen da. Elikagai "hartualdi" ugari egiten dituzte, eguneroko dietaren bolumen osoa zatikatuz, eta, oro har, gutxitan partekatzen dute janaria familiarekin. Etxetik kanpo kontsumitzen diren elikagaiak, aisialdiaren zentzuan, prezioagatik eta taldearen identitateagatik, toki hauetan kontsumitzen dira: self service, ogitartekoak, hanburgesategiak, pizzeriak, txinatar jatetxeak… Establezimendu horietan, asetasun-balio handia eta energia-eduki handia duten platerak zerbitzatzen dira, batez ere koipe eta karbohidrato sinpleen kontura, eta freskagarriekin edo alkoholarekin osatzen dira, uraren ordez.
Egoera horien aurrean, ezinbestekoa da estrategiak proposatzea, gazteen osasunari mesede egiteko. Horretarako, elikadura atsegina eta haien gustuetara egokitua izan behar du, ahal den neurrian, eta lagungarria izan behar du haien osasuna sustatzeko eta etorkizunean gaixotasun jakin batzuk prebenitzeko: bihotz-hodietakoak, hipertentsioa, obesitatea, minbizi-mota jakin batzuk, osteoporosia, diabetesa, etab.
Nutrizio-heziketa egokiaren bidez, lagundu egin behar da elikadura-eskakizunetara gehien egokitzen den dieta aukeratzen, ezagutza teorikoak jarrera positiboa izan dezan eta, azkenik, elikadura-jokabide zuzena izan dadin.
Elikadura osasungarria da hainbat elikagai hartzen baditu, elikagaien higiene eta segurtasuneko oinarrizko arauei jarraituz prestatzen bada, zaporea eta itxura eskualde bakoitzeko gastronomiaren printzipioen araberakoa bada eta giro atseginean kontsumitzen bada, familiarekin edo lagunekin gozatuz. Horrela, osasunaren kontzeptua osatzen duten alderdi fisiko, psikiko eta sozialak laburbiltzen dira.