Skip to main content
Lactante: primer año de vida :: Oker zabiltza...

Oker zabiltza...

Elikagaien prestakinei gatza gehitu

Haurrak pertsona helduek baino sodio-behar txikiagoak ditu. Ez da beharrezkoa gatza gehitzea, haurrak mineral horren beharrak elikagaiek berez daukaten sodioaren bidez asetzen baititu. Bestalde, haurra ohitu egiten da gatz gutxiko palatabilitate-maila hori duten platerak hartzera, eta, ondorioz, gatz gutxiago hartzen du bizitzan zehar.

Haurtzarotik ahosabaia behar bezala heziz gero, eta elikagaien berezko gustua indartuz gero, eguneroko dietan gatz gutxiago hartu behar dutenek egin behar izaten dituzten ohitura-aldaketa zailak saihestuko lirateke.

Azukre gehiegi hartu

Ohitu gaitezen haurra bere egoera naturalean esnekiak eta konpotak jatera, edulkoratzailerik gehitu gabe. Sakarosa (azukre arrunta) maiz sartuz gero, zapore gozoko elikagaietara ohitzen hasten da haurra, eta azukre hori da, hain zuzen, hortzetako txantxarraren eragile nagusietako bat; gainera, elikagai edulkoratuak maiz jateak nutrizio-desorekaren arriskua dakar, elikagai nutritiboagoak baztertzen baititu.

Oso ohikoa izaten da ur azukretsua edo fruta zukuak hartzen dituzten haurrek, oheratzerakoan, txantxar mota bat garatzea hortzetan, goiko hortz-haginei eragiten diena, eta, batzuetan, beheragokoei.

Haurrari maiz ez eman urik

Bularreko haurrak ur asko behar izaten du gorputz-pisuaren kilogramo bakoitzeko, larruazalaren lodiera txikiagoa delako, eta, beraz, transpirazioagatiko galerak handiagoak dira. Haurtxoak ez du erabat garatu gernu kontzentratua sortzeko gaitasuna, eta, beraz, ur gehiago behar du gernuaren bidez kanporatzen diren substantziak disolbatzeko helduaren kasuan baino.

Bularreko haurrak behar duen ura amaren esneak edo biberoiak daukanetik dator. Hala ere, beste egoera batzuk ematen direnean, hala nola giro-tenperatura altua, berokuntza gehiegi, sukarra, beherakoa, janaria oso lodia dagoen, etab. ; ura bere horretan eman behar zaio, deshidratatzeko arriskurik ez izateko. Ohitu haurra ura bakarrik edatera, azukrerik gabe, edo fruta-zukua azukrerik gabe.